Hizkuntzaren sorrera

Giza hizkuntzaren jatorriak beti piztu du pentsalarien edo ikertzaileen interesa eta haien arteko ezbaia. Mito askok naturaz gaindiko jatorria ematen diote hizkuntzari. Hala, Bibliak Babelgo dorrearen mitoaren bitartez azaldu nahi izan zuen hizkuntzen ugaritasuna: jatorrietako hizkuntza bakarra mintzaira ugaritan zatitu zen, zigor jainkotiar gisa, gizakien harrokeriagatik, haien arteko liskarra sortu eta ekintza elkartu baterako bidea galaraztearren.

Historian zehar, denetariko hipotesi, teoria, uste edo iritziak landu eta plazaratu izan dira hizkuntzaren jatorria azaltzeko, askotan inolako oinarri zientifikorik gabeak.[1] Gaur egun, gaia zientifikoki aztertzen da zenbait diziplinatan, batez ere paleontologian, psikologian, biologia molekularrean eta hizkuntzalaritza konparatu edo historikoan.[2]

Giza hizkuntzaren bilakaeraren historia luzea da eta burmuinarekin estuki lotuta dago, baina ez dago guztiz argi zerk eragiten duen giza garuna hizkuntzara egokitutako bakarra izatea. Giza hizkuntzan parte hartzen duten garuneko eskualdeak antzekoak dira tximino txiki eta handiengan, baina haiek ez dute mintzamenik. Osagai genetiko bat ere egon liteke: Forkhead-P2 (FOXP2) proteinaren genearen mutazioak pairatzen dituzten gizakiek ezin dituzte esaldi osoak sortu.[3]

John Maynard Smith eta Eörs Szathmáry genetisten arabera, bizitzaren eboluzioaren zortzi mugarri nagusietako berriena da hizkuntza, gizarte antolatuak sortzeko bidea eman zuena. Oro har, komunikazioaren bilakaerak baldintzatzen ditu gizarte harremanetan maila desberdinak agertzea.[4]

  1. (Frantsesez) Rastier, François. (2007-12-15). «Le langage a-t-il une origine ?:» Revue française de psychanalyse Vol. 71 (5): 1481–1496.  doi:10.3917/rfp.715.1481. ISSN 0035-2942. (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
  2. (Frantsesez) Jucquois, Guy. (2000). «Les sciences du langage et la question de l'origine du langage humain naturel» Bulletins de l'Académie Royale de Belgique 11 (1): 41–53.  doi:10.3406/barb.2000.23326. (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).
  3. (Ingelesez) Marcus, Gary; Rabagliati, Hugh. (2006-10). «What developmental disorders can tell us about the nature and origins of language» Nature Neuroscience 9 (10): 1226–1229.  doi:10.1038/nn1766. ISSN 1546-1726. (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).
  4. (Frantsesez) Smith, John Maynard; Szathmáry, Eörs. (2000). Les origines de la vie: de la naissance de la vie à l'origine du langage. Dunod ISBN 978-2-10-004860-1. (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).

Developed by StudentB